Gaixotasunak

Honako hauek dira, entzumenaren gaixotasun edo anomalien artean ohikoenak:

  • Gorreria duen pertsonak entzumen falta dauka. Gaixotasun horrek era askotako iturburuak izan ditzake. Gorreria-mota batzuk ebakuntza baten bitartez senda daitezke. Audiofono deritzen tresnen bitartez, gor askoren entzumena hobetzen da. Guztiz gorrak diren pertsonei ezpainak irakurtzen eta keinuen bitartez komunikatzen erakusten zaie.
  • Otitisa: kanpo-belarriko edo erdiko belarriko hantura da. Bakteriek nahiz Eustakioren tronpen hanturak sor dezakete eta mina eta entzumena galtzea eragiten du. Ukitutako belarri atalaren arabera, kanpoko, erdiko edo barneko otitisak bereizten dira:
    • Kanpoko otitisa: eritasun arinak dira; horien ezaugarri nagusiak mina eta kanpoko entzunbideko larruaren hantura dira.
    • Erdiko otitisa: Eustakioren tronpan zehar eztarriraino edo sudurreraino hedaturiko infekzioak sortuak dira; bakteria askok sortaraziak izan ohi dira: pneumokokoak, estreptokokoak eta abar. Haur txikietan maiz azaltzen dira. Mina, gorreria edo eta sukarra izan ohi dira halakoetan seinaleak.
    • Barneko otitisa: laberintitis izenez ere ezagutzen dira eta barneko belarriaren hantura eragiten dute. Gehienetan aurrerago aipatu ditugun gaixotasunen ondorio larriak izaten dira.
  • Tinpano zulatzea: gorreria sortzen du, mintz horrek ezin baititu soinu-bibrazioak erdiko belarrira transmititu. Zulaketa kanpoko entzunbidetik objektuak sartzeagatik, presio aldaketengatik edo soinu oso ozenen eraginez gerta daiteke. Batzuetan bere kabuz sendatzen da hilabete batzuen ondoren.

Entzumenari lotutako gaixotasunez arduratzen den medizina-espezialitatea Otorrinolaringologia da.

Aholkuak

Hona hemen zure entzumena zaintzeko zenbait aholku:

  • Musika oso bolumen altuan ez entzun, saiatu aurikularrak ez erabiltzen eta telebista ikusterakoan ez ipini oso bolumen altuan.
  • Belarriak garbitzeko ez sartu ezer belarri barrura. Molestiak sentitzen badituzu hitz egin sendagilearekin, agian ezko-tapoia eduki dezakezu.
  • Igerilekura bazoaz, saiatu beti tapoiak erabiltzen. Bainuaren ondoren, belarri-eremua eskuoihal batekin lehortu, infekzioak saihesteko.
  • Belarrian zerbait arraroa sartzen bada (hondarra, hautsa…) ez saiatu zuk zeuk ateratzen, joan zaitez lehenbailehen sendagilearengana.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License