Organoa

Ikusmenaren organoa begia da. Begiak aurpegian kokatzen dira, sudurraren alde banatan. Begiak edo begi-globoak esfera itxura du eta betzuloan daude. Oso organo konplexua da.

Gizakiaren ikusmen-organoaren kanpo- eta barne-elementuak ikusiko ditugu ondoren:

    1. Begia kanpotik hainbat elementuz babestua dago. Hauek dira begiaren kanpoko atalak:
      • Betileak: betazalaren bukaeran dauden ileak dira. Zikinkeria begira ez sartzea da beraien funtzioa. Begia zikinkeriatik babesten dute, hautsa edota beste elementuren bat sartzea eragotziz.
      • Betazalak: aurpegiko larruazalaren zati dira. Begia babestea eta garbitzea da beraien funtzioa. Betazalak gihar batzuei esker itxi eta ireki egiten dira. Gainera begia heze mantentzen dute malkoen bidez.
      • Bekainak: begien gainean dauden ile multzoa dira. Izerdia begietan ez sartzea da beraien funtzioa.
      • Malko-gurinak: hauek etengabe malkoak sortzen dituzte. Begia garbitzeko negarra jariatzen dute, begia heze mantendu eta ez lehortzeko.
  1. Begiaren barruko atalak:
    • Kornea: begi-bola babesten duen mintza. Begi-globoaren aurrealdeko azalaren estalki gardena, esklerotikaren aurrealdean kokatua dagoena.
    • Irisa: begian sartzen den argia kontrolatzen duen mintz borobila da. Laua, koloreztatua eta uzkurgarria da. Irisa begiaren aurreko aldean dago, kristalinoaren aurrean eta kornearen atzean. Erdialdean duen irekiguneari begi-ninia deritzo.
    • Kristalinoa: begiaren aurreko segmentuan dagoen disko gardena da, argi-izpiek zeharkatzen dutena. Irisak estaltzen du eta erdialdean begi-ninia du.
    • Begi-ninia: irisaren erdialdeko irekigune biribila. Zabalgarri eta uzkurgarria da, eta diametroa aldatuz erretinara sartzen diren argi-izpiak erregulatzen ditu.
    • Erretina: kristalinoak desbideraturiko argi-izpiak jasotzen dituen mintza da. Erretina ikus-nerbioaren zabalgunea eta bi geruzez osatua dago: barnekoa eta kanpokoa. Barnekoak argiarekiko sentikorrak diren bi zelula-mota, odol-basoak eta nerbio-zelulak ditu. Kanpokoa pigmentuduna da eta argia isladatu eta begitik kanpo alde egitea eragozten du.
    • Ikusmen-nerbioa: erretinako nerbioek jasotako informazioa garunera eramaten duen nerbioa.

Funtzionamendua

Begiek objektuen forma, kolorea eta kolorearen intentsitatea hautematen dituzte, objektuek islatzen duten argiaren bidez:

  1. Argia objektuetan isladatzen da eta gure begietara iristen da.
  2. Lehenengo korneara iristen da eta hau gardena denez, irudia pasatzen uzten du.
  3. Irisa handitu eta txikitu egiten da begira argi gehiegi edota gutxiegi sar ez dadin (ongi ikus dezagun).
  4. Ondoren, irudiak begi-ninia eta kristalinoa zeharkatzen ditu eta horrela, irudia fokatzen du.
  5. Azkenik, irudia erretinara iristen da eta ikusmen-nerbioei esker, antzeman duena garunari bidaltzen dio. Garunak informazio guztia jasotzean interpretatu egiten du ikusten ari garena zer den jakiteko.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License