Organoa

Larruazala ukimenaren organoa da, gorputz osoa estaltzen eta babesten duena. Larruazala elastikoa eta iragazgaitza da. Azaleko ukimen-errezeptoreen bitartez kanpo-estimuluak edo organismoan gertatzen diren aldaketa mekanikoak hauteman daitezke.

Azaleko sentipenak sortarazten dituzten errezeptoreak larruazaleko geruzetan daude eta oso ugariak dira. Gorputz osoan daude banaturik, baina gorputzaren zenbait aldetan ugariagoak dira, esate baterako ezpainetan, mihian eta eskuetan. Errezeptore horiek nerbio-zelulak dira eta larruazalaren gainazalaren azpian daude; bertatik hautemandako estimuluak burmuin-azaleko hainbat gunetara transmititzen dituzte. Errezeptore bakoitzak estimulu-mota bakar bati erantzuten dio; estimulu hauek ukipena, presioa, bibrazioa, azkura eta kilimak, tenperatura edo mina bezalakoakizan daitezke. Gainontzeko zentzumenek bezala, inguruko mundua nolakoa den sentiarazten laguntzen gaitu ukimenak.

Larruazalak honako bost funtzio dauzka:

  • Gorputza babestu: larruazalak kanpo eragileetatik babesten gaitu, hau da, kanpo ingurunetik (hotza, traumatismoak, mikroorganismoak…)
  • Tenperatura erregulatu: giza gorputza 36-37oC artean mantentzen du, hau da, organismoaren tenperaturari eusten dio.
  • Sentsazioak hauteman: hainbat sentsazio hautematea ahalbidetzen du. Kontaktua, presioa, tenperatura eta mina hautematen ditu.
  • Toxinak kanporatu: azala substantzia toxikoak kanporatzeaz arduratzen da. Ura eta gatz mineralak ere kanporatzen ditugu.
  • Arnasketan lagundu: Larruazalak oxigenoa hartzen du bere poroen bidez, bai eta eguzki-argia ere.

Larruazala hiru geruzatan antolatua dago eta horietako bakoitzak funtzio oso ezberdinak ditu:

  1. Epidermisa: geruza hau azalekoena da. Epidermisa gorputz osoa estaltzen duen zelula multzo batek osatzen du. Horren funtzioa gorputzaren barnealdea kanpoko eragileetatik isolatzea da. Epidermisaren kanpokaldean zulotxoak osatzen dituzten egitura batzuei izerdi-guruin* deitzen zaie eta bertatik izerdia ateratzen da. Beste batzuetatik larruazalak arnasa hartu eta oxigenatzen da.
  2. Dermisa: larruazaleko erdiko geruza da. Bertan, ile-folikuluak, azazkalak, izerdi-guruinak eta odol-hodiak daude. Minaren, presioaren eta tenperaturaren errezeptore sentsitiboak edo korpuskuluak ere bertan aurkitzen dira:
    • Krauseren korpuskuluak tenperatura beherakadak antzematen duten egiturak dira. Horien funtzioa oso garrantzitsua da, kanpoko inguruaren tenperatura zein den esaten dutelako.
    • Meissnerren korpuskuluak presioari sentiberak dira.
    • Paciniren korpuskuluak presio sakonari sentiberak diren eta bibrazioak antzematen dituzten egiturak dira.
    • Ruffiniren korpuskuluak tenperatura antzematen duten egiturak dira. Horien funtzioa oso garrantzitsua da, gure gorputzaren tenperatura zein den esaten baitio gorputzari. Ukimena eta presioa ere antzematen dute.
  3. Hipodermisa: larruazalaren barruko geruza da eta gorputzaren barruko tenperatura mantentzea da bere funtzioa. Muskulatura eta organismoaren barruko organoak ukitzen ditu.

Izerdi-guruinek izerdia jariatzen dute; izerdia likido koloregabea eta gardena da eta batez ere, urez eta gatzez osatua dago. Izerdiaren funtzio nagusia gorputzaren tenperatura erregulatzea da. Gizakien eboluzioan zehar, izerdi-guruinak ugaritzeak eta gorputzeko ilearen gutxitzeak, hozteko sistemaren eraginkortasuna hobetzen lagundu dute gorputza. Horri esker, gizakia klima-aldaketetara hobeto moldatu da.

Funtzionamendua

Objektu batek larruazala ukitzean, dermiseko nerbio-muturrek edo errezeptoreek sentipenak jasotzen dituzte. Bertako errezeptoreek sentizen dituzten estimuluak garuneraino transmititzen dituzte nerbio-zentzuen bitartez. Dermiseko errezeptoreak ekintza erreflexu askoren jatorria ere badira, bertan jasotako estimulua zuzenean muinera igarotzen baita, eta, bertatik, erantzuna lantzen dute.

  1. Objektu batek epidermisa ukitzean du.
  2. Dermiseko nerbio-muturrek edo errezeptore-sentsitiboek objektua sentitzen dute.
  3. Ukimen-nerbioek garuneraino eramaten dute informazioa.
  4. Garunean nerbio-muturrek edo errezeptoreek jasotako informazioa kodifikatzen da.
  5. Badakigu larruazalak ukitu duen horrek zein tenperatura duen, zein presio egiten duen, zein egitura duen eta, azken finean, zer den!

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License