Glosategia

A

  • Amigdala: faringe aldean dagoen ehun linfatikozko organoa.
  • Anosmia: usaimenaren galera edo gutxitzea.
  • Ageusia: dastamen-sentikortasunik eza.
  • Akne: azaleko sebo guruinen hantura. Gehien bat aurpegian, bizkarrean eta bularrean agertzen den gaixotasuna da.
  • Astigmatismo: ikusmenaren edo sistema optiko baten akatsa, objektu baten puntu batetik datozen argi-izpiak puntu bakarrera biltzen uzten ez duena, eta horrenbestez irudi desitxuratu eta lausoa sortzen duena. Begiari dagokionez, kornearen kurbadura asimetrikoak edota kristalinoaren homogeneotasunik ezak sortzen dute.

B

  • Barraskilo: erdiko belarriko barrunbe konikoa; ugaztunetan barraskilo-maskorraren erara kiribilduta dago.
  • Barakuilu: ik. Barraskilo.
  • Belarri-pabiloi: ik. Kanpo-belarri.
  • Bagre: arrain-katu edo silurua.
  • Bestibulu: hodi baterako sarrera den barrunbea; belarriko bestibulua, esate baterako.
  • Barne-belarri: mintz hermetikoa da eta hiru osagai dauzka: kanal erdizirkularra, bestibulua eta barraskiloa.
  • Binokular: bi begi dituena edo bi begirekin zerikusia duena.
  • Begi-nini: irisaren erdialdeko irekigune biribila. Zabalgarri eta uzkurgarria da, eta diametroa aldatuz erretinara sartzen diren argi-izpiak erregulatzen ditu.
  • Begi-lauso: begiko kristalinoaren edota organo honen kapsularen opakotasuna. Normalean hereditarioa izaten da (sortzetikoa, jaio ostekoa edo zahartzarokoa).
  • Braille alfabeto: pertsona itsuek irakurri eta idazteko erabiltzen duten erliebezko puntuen bitarteko idazkera-mota.

D

  • Dastamen-papila: mihiko epitelioan, ahosabai bigunean, epiglotisean eta faringean dauden flasko-formako gorputzetako bakoitza, zaporea hautemateko funtzioa duena.
  • Dezibel: soinuaren intentsitatea edo bolumena neurtzeko unitatea (sinboloa, dB).
  • Disosmia: usaimen-arazoen izen generikoa.
  • Disgeusia:ik. Parageusia.
  • Daltonismo: ikusmenaren akatsa, zenbait kolore atzemateko (akromatopsia) edo bereizteko (bereziki gorri eta berdea) ezintasuna. Gehienetan hereditarioa izaten da, eta orduan sendaezina da. Gizonezkoengan maizago agertzen da.
  • Dermatitis: azaleko gaitzik ohikoenetakoa.
  • Dermis: larruazaleko erdiko geruza da. Ile-folikuluak, azazkalak, izerdi-guruinak eta odol-hodiak daude bertan.

E

  • Erretina: begiaren barneko geruza, argiarekiko sentikorra dena.
  • Errezeptore: estimulu espezifikoarekiko sentikorra den zelula edo ehun espezializatua, normalean sentimen-organo batean dagoena.
  • Estribu: erdiko belarriko hezurtxoa. Ugaztunen erdialdeko belarrian, hezurtxo-kateko hezur barnekoena, bere buruaren bidez ingudearekin giltzatzen dena.
  • Erdiko belarri: barrunbe honen mugak alde batetik tinpanoa eta bestetik koklearen oinarria dira.
  • Epidermis: larruazaleko geruza azalekoena da. Epidermisa gorputz osoa estaltzen duen zelula multzo batek osatzen du

F

  • Faringea: aho-barrunbe eta sudurzuloen atzean dagoen muskulu edo mintzezko hodia, goitik garezur azpiak eta, behetik, laringe eta hestegorriak mugatzen dutena.
  • Faringitis: faringearen hantura.
  • Fokatu: sistema optiko baten osagaiak bere ardatzean zehar elkarrekiko mugitu, irudia puntu jakin batean zehatz sor dadin. Argi-foku bat leku edo objektu jakin baterantz zuzendu.

G

  • Gingibitis: oien hantura.
  • Glutamato: azido glutamikoaren gatza edo esterea. Sodio glutamatoa eta kaltzikoa dira gehien erabiltzen diren glutamatoak.
  • Gantz-azido: hidrokarburo-katea batez eta karboxilo talde terminal batez osatutako konposatu organikoa. Glizerolarekin eta beste zenbait alkoholekin esterifikatzen dira eta gantzak, olioak, argizariak eta beste hainbat lipido osatzen dituzte.
  • Guruin: organismoak behar-beharrezkoak dituen gaiak sortu (digestiorako urinak, entzimak, hormonak, esnea eta abar) eta odolera jariatzeko edo hondakin gai den organo zelulabakarra.

H

  • Hipodermis: larruazalaren barruko geruza da eta gorputzaren barruko tenperatura mantentzea da bere funtzioa.
  • Hipoageusi: dastamen-sentikortasunaren urritzea.
  • Hertz: soinuaren bibrazio-maiztasuna neurtzeko unitatea (sinboloa, Hz).
  • Hiperkeratosi: keratinaz osaturik dagoen larruazaleko geruza korneoaren hipertrofia da.
  • Hipermetropia: begiaren errefrakzio-akatsa, begi-ardatzarekin paraleloak diren argi-izpiek fokua erretinan sortu beharrean erretinaren atzean sortzean datzana. Hipermetropeek begitik hurbil dauden gauzak ezin dituzte argi ikusi.
  • Hauteman: zentzumenen bidez zerbaitez ohartu, konturatu, zerbait nabaritu.
  • Hiposmia: usaimenaren murrizketa.

I

  • Ingude: erdiko belarriko hezurtxo txikia, ingude-formakoa.

K

  • Kanal erdizirkular: belarriko mintzezko labirintoko lakio-formako egitura tubularrak, gorputz-oreka mantentzearekin zerikusia duen sentimen-organo bat eratzen dutenak.
  • Kanpo-belarri: bere osagaiak belarri-pabiloia, kanpoko entzunbidea eta tinpanoa dira.
  • Konbexu: ganbila.
  • Kornea: begi-globoaren aurrealdeko azalaren estalki gardena, esklerotikaren aurrealdean kokatua dagoena.
  • Kristalino: zefalopodoen eta ornodunen begiko organo gardena, irisaren atzean dagoena.
  • Kokle: ik. Barraskilo.
  • Konkabo: ahur.
  • Kimiorrezeptore: estimulu kimikoak jasotzen dituen sentimen-organo edo zelula terminala.
  • Krauseren korpuskulu: tenperatura beherakadak antzematen duten egiturak dira
  • Kinada: estimulua; kinatzeko ekintza eta horren ondorioa.
  • Kirio: muina, alderik barnekoena. Kirioetaraino sartu zait mina. Nerbio.

L

  • Laringe: ahots-organoa, trakearen hasieran kokatuta dagoena eta bere baitan ahots-kordak dituena. Gizakiarengan, laringea lepoaren aurrealdean dago, hioidearen azpian, eta kanpoaldetik begiratuta zintzur-korapiloa eratzen du.
  • Lente: gainazal esferiko batez edo biz mugatutako disko-fomako pieza, kristalez edo bestelako material garden errefringente batez egina.

M

  • Meissnerren korpuskulu: presioari sentiberak dira
  • Miopia: ikusmenaren akatsa, begietatik urrun dagoena argi ikusteko zailtasuna sortzen duena. Kristalinoak konbergentzia handiegia duenez, irudia erretina baino aurrerago fokatzen da. Betaurreko dibergenteak jarriz zuzentzen da.
  • Mihi-papila: mihian agertzen diren papiletako bakoitza, funtzio mekanikoa (filiformeak) edo sentsoriala (fungiforme, kaliziforme edo hostokarak) izan dezakeena.
  • Mailu: erdiko belarriko hezurtxoa. Bertan burua (ingudearekin giltzatua), lepoa eta heldulekua bereizten dira.
  • Mukosa: kanpoaldearekin zuzenean edo zeharbidez komunikatuta dauden barrunbe edo hodiak estaltzen dituen mintza. Mukosa pituitario: sudur-hobietako mukosa. Sudur-mukosa: mukosa pituitarioa.
  • Melamina: tirosinatik eratorritako pigmentu organikoa, nagusiki ornodunen ile, larruazal eta begietan egoten dena eta melanozito izeneko zelulek ekoizten dutena.

N

  • Neurologia: nerbio-sistemako gaixotasunez arduratzen den medizina-espezialitatea.
  • Nerbio-zuntz: entzefaloa eta bizkarrezur-muina gorputzeko gainerako aldeekin mezu elektriko eta kimikoen bidez komunikatzen duen ehun berezizko kordoi-formako egitura. Nerbioak nerbio-sistema izeneko komunikazio-sarearen osagaiak dira eta beren eginkizuna nerbio-sistema gorputzeko organoekin komunikatzea da.

O

  • Ozentasun: soinuak eragindako entzumen-sentsazioaren magnitudea zehazten duen ezaugarria.
  • Otitis: kanpo-belarriko edo erdiko belarriko hantura da.
  • Otorrinolaringologia: sudur, laringe eta belarriaren fisiologia eta patologia aztertzen dituen medikuntzaren adarra. Hiru azpiadar ditu: otologia, errinologia eta laringologia.
  • Oftalmologia: begietako eta inguruetako gaixotasunak tratatzeaz eta ikusmeneko asaldurak zuzentzeaz arduratzen den medikuntzaren adarra.
  • Ornodun: kordatuen filumeko zenbait animaliaz esaten da. Endoskeleto segmentatua eta nerbio-kordoi dortsal kofaduna dute, bizkarrezurra alegia. Zefalizazio nabarmenekoak dira eta garuna babesteko kranioa dute. Bere baitan arrain, narrasti, anfibio, hegazti eta ugaztunak hartzen dituen Vertebrata subfiluma osatzen dute.

P

  • Pituitario: sudurreko muki ehunezko mintza, usaintzeko kirio muturrak dituena. Schneider-en mintza ere deitzen zaio.
  • Parageusia: dastamenaren interpretazio okerra.
  • Papila: organo edo organismo baten azaleko irtengune kamuts edo koniko txikia.
  • Paciniren korpuskulu: presio sakonari eta bibrazioak antzematen dituzten egiturak dira

R

  • Ruffiniren korpuskulu:tenperatura antzematen duten egiturak dira.

S

  • Sistema linbikoa: garuneko hainbat egiturak osatutako sare bat da. Emozioekin, oroimenarekin eta jokabide inkontzienteekin lotuta dago. Pentsamendu kontzienteaz arduratzen den garuneko egiturak baino lehenago sortu zen eboluzioan, primitiboagoa da.

T

  • Tinbre:
  • hotsaren berezko ezaugarrietako bat, goratasun eta intentsitate bereko hotsak bereizten dituena
  • Tonu:
  • ahotsaren edo hotsaren garaiera.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License