Talde-dinamika
Ikusmenarekin jolasean. Ilusio optiko eta ikusmen-pertzepzio desberdinak eskainiko dizkiguten irudiekin jolastuko dugu. Ikusten duguna, hau da, gure begiek erakusten digutena eta guk interpretatzen duguna ez dela erreala baieztatu ahal izango dugu.
- Adina. 8 urtetik aurrera.
- Lekua. Gelan bertan.
- Beharrezko materiala:
- Ariketan bertan dauden irudiak bakarrik behar ditugu.
- Antolakuntza. 4 edo 5 ikasletako taldetan banatuko gara.
- Jolasaren azalpena:
- Talde bakoitzak irudi guztiak aztertuko ditu banan-bana. Oro har, irudian ikusitakoa eta hautemandakoaren oharrak jasoko ditugu.
- Irudi-jolas guztiak ikusi eta aztertu ondoren talde bakoitzak bere emaitzak aurkeztuko ditu gainontzeko ikaskideen aurrean.
1. irudia. Irudia geldirik dago edo mugitu egiten da?
Irudi hau Akiyoshi Kitaoka-rena da, psikologiako maisu japoniar eta mugimendu ilusioen sortzaile garrantzitsuenetarikoa.
Gure garunak jartzen du irudia mugimenduan, berez irudia geldirik dago eta. Hori gure ikusmen-pertzepzioaren efektu bat da. Irudiek gure erretinan 0,06 eta 0,1 segundoko eragiten dute. Segundoko 18 iruditik aurreragoko maiztasunarekin irudi ezberdinak bateratu egiten dira (zinean gertatzen den modura) eta mugimenduan hautematen ditugu.
"Rotsnake", Akiyoshi Kitaoka 2004.
http://www.noulakaz.net/weblog/2004/10/04/akiyoshis-illusion-pages/
2. irudia. Irudi honetako lerroak paraleloak al dira?
Irudi honetan lauki txuriak eta beltzak eta beraien arteko banaketarako lerro zuzenak dituen tablero bat ikusten dugu. Hala ere, gure ikusmenak erdialdea konkortua dagoela ikusten du: lerro zuzenak kurbatu eta zirkulu bat eratzen dutela dirudi. Ikusmen-engainu horren errudunak kutxatiletan dauden puntu txuri-beltzak dira.
3. irudia. Irudi itzulgarri edo anbiguoak
Irudi itzulgarriak, irudi bakar batek hainbat ikusmen-interpretazio eduki ditzakeenean da. Gure garunak irudi bat garbi ikusten duenean, aldi berean ezin du beste bat ikusi eta alderantziz. Bata edo bestea ikus dezakegu, baina sekula ez bi irudiak batera.
Gestalt-en legeak azaltzen du fenomeno hori, hain zuzen ere, irudi-hondoaren legea delakoak. Irudia arreta-gune bihurtzen den objektua da eta irudiaren atzeko aldea, edo irudiak bere ingurune guztian duena, irudi-hondoa izango da. Irudiaren eta hondoaren harremana anbiguoa denean, pertzepzioak txandakatu egiten dira eta ezin dira bi irudiak batera ikusi.
4. irudia. Bai al dakigu neurtzen?
Irudi honetako lerroak ikusi ondoren, zein lerrok neurtzen du gehiago? Ezkerrekoak ala eskuinekoak?
Irudi honetako bi lerroak tamaina berdinekoak dira: gure ikusmenak ezkerrekoa luzeago dela esaten digu, gezia kanpoaldera luzatzen delako eta ezkerrekoa berriz barrualdera; ikusmen-engainu bat da.
5. irudia. Objektu eta irudi ezinezkoak
Arteak errealitateak lortzen ez duena eskaintzen du: ezinezkoa den mundu fantastiko bat erakutsiz. Zer uste duzue, dado hauek zutik edo etzanda daudela? Escher, István, Orosz, Sandro del Prete edo Oscar Reutersvard bezalako artistek, gure usteak zalantzan jartzen dituzten irudi eta objektuak eskaintzen dizkigute. Ikus, bestela, ezinezkoa dirudien irudia!
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License