Organoa

Belarria entzumenaren eta orekaren organoa da. Hala ere, bereziki organo horren kanpoko zatiari esaten zaio.

Gizakiaren entzumen-organoa hiru ataletan bana daiteke, kanpo-belarria, erdiko belarria eta barne-belarria:

  • Kanpo-belarria: bere osagaiak belarri-pabiloia, kanpoko entzunbidea eta tinpanoa dira. Pabiloiak edo belarriak soinu-uhinak jasotzen ditu eta entzunbidetik tinpanoraino eramaten ditu.
  • Erdiko belarria: barrunbe honen mugak alde batetik tinpanoa eta bestetik koklearen edo barraskiloaren oinarria dira. Bere barruan hiru hezurtxo daude, mailua, ingudea eta estribua deiturikoak (hezurrok duten formagatik ematen zaizkie izen horiek).
  • Barne-belarria: hau barrunbe (mintz) hermetikoa da eta bere barrualdea linfa izeneko likidoz betea dago. Hiru osagai dauzka: kanal erdizirkularra, bestibulua eta barraskiloa. Kanal erdizirkularrek entzumenarekin ez dute erlazio zuzenik, bai ordea orekarekin. Bestibuluak bi egitura desberdin ditu: sakulua eta utrikulua, soinu-estimuluetan eta oreka-sentipenean espezializatuak. Barraskilotik entzumen-nerbioak ateratzen dira eta horiek eramaten dute entzumenaren bidez jasotako informazioa garunera, bertan kodifikatua izan dadin.

Giza entzumenak, hotsen dardarak jaso eta garunera bideratzen ditu belarrian zehar. Hala, entzumenaren bidez hotsak jaso ez ezik, lehenago entzundakoak gogoratu eta haiei esanahi jakin bat emateko gai da gizakia.

  • Ozentasuna: belarriak hots bat jasotzen duenean, hots horrek duen energia-kantitateari deitzen zaio ozentasuna.
  • Tonua: hotsen bibrazio-maiztasuna neurtzen du. Giza entzumenak soinu harmonikoa (musikako notak) jaso dezan hotsen bibrazio-maiztasunak tarte eta muga jakin batzuen barruan egon behar du: soinua giza belarriarentzat entzungarria izan dadin bibrazio-maiztasunak 16 eta 20.000 hertz (Hz) tartekoa izan behar du. Horrela muga horietatik gora bibrazioa oso bizia bada, hotsa zarata bihurtzen da eta ultrasoinu deitzen zaio. Muga horietatik behera, berriz, hotsak infrasoinu bilakatzen dira. Gizakiak ezin ditu infrasoinuak entzun, bai, ordea, zenbait animaliek, haien zentzumenarentzat bibrazio-maiztasunen mugak zabalagoak baitira.
  • Tinbrea: hotsaren berezko ezaugarrietako bat da, goratasun eta intentsitate bereko hotsak bereizten dituena. Tonu harmonikoak hotsari ematen dion nolakotasuna da tinbrea. Hori neurtzeko, beste ezaugarri bat du entzumenak: tonuak bereizteko ahalmena, hau da, tonu harmoniko asko dituen hotsen artean tonu nagusi jakin bat bereizteko ahalmena.

Funtzionamendua

Belarria entzumenaren organoa da eta soinuak antzematen ditu. Bere funtzioa ez da soilik soinua jasotzea, gorputzaren oreka eta kokapenean ere funtsezko zeregina betetzen du:

Hotsak airean zehar, belarriraino iristen dira. Belarri-hegalak uhinak bildu eta tinpanoa dardarka jartzen du. Horrek bibratu eta mailua mugiarazten du, aipatutakoak ingudea jotzen du, eta, azken, horrek estribua. Dardarak hezurtxo-katean zehar igaro ondoren, barne-belarriraino iristen dira. Barne-belarriko entzumen-nerbioen bidez, informazioa garuneraino iristen da eta bertan soinua interpretatzen da. Hori guztia etengabe gertatzen da, abiadura izugarrian.

Pausuz-pausu prozesua honakoa da:

  1. Soinu-uhinak airean zehar belarri-pabiloira edo belarri-hegaletara sartzen dira.
  2. Hots horiek kanpo-entzunbideetatik pasatzen dira eta tinpanoa dardarka jartzen dute.
  3. Tinpanoaren bibrazioa mailura transmititzen da.
  4. Mailuak ingudea kolpatzen du.
  5. Ingudeak estribua jotzen du.
  6. Estributik zehar barne-belarrira pasatzen da eta hor estimulu bat sortzen du barraskiloan.
  7. Entzumen-organoak barraskiloan sortutako estimuluak jasotzen ditu.
  8. Entzumen-organoak estimulu edo seinale hori entzumen-nerbioen bidez informazioa garunera bideratzen du.
  9. Burmuinak iristen zaion informazioa interpretatzen du.

Orekaren zentzumena

Orekaren zentzumena funtsezkoa da gorputza mugitzen ari denean gorputzak espazioan duen jarrerari eusteko. Beharrezkoa da, halaber, gorputza egonkor mantendu dadin haren jarrera egokitzen diharduten muskuluak aktibatu eta desaktibatzeko. Funtzio hori betetzen duen sentimen-mekanismoa aparatu bestibularrean dago, barne-belarrian hain zuzen ere.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License