Organoa
Usaimenaren organoa sudurra da eta berari esker kanpoko usaimen informazioa eskuratzen dugu. Aurpegiaren erdiko irtenunea da, bi zulo ditu eta bekokiaren eta goiko ezpainaren artean dago. Sudurra arnas aparatuaren sarreran dago eta faringearekin lotuta. Oro har, sudurra arnasa hartzeko airearen sarrera eta irteera da.
Bere funtzio nagusiak honako hauek dira:
- Biriketara doan airea hezetu eta berotu.
- Biriketara iritsi aurretik, aireari substantzia arrotzak kendu.
- Sudurreko usain-errezeptoreen bidez usaimen prozesuan parte hartu.
Sudurraren barnean egitura hauek daude:
- Sudur-zuloak: sudur-zuloetatik sartzen da airea gure gorputzera. Usaindun substantziak usain-erraboilera bideratzen dituzten sarbideak dira.
- Iletxoak: sudur-zuloetako iletxoek ez diete hauts partikula handiei sudur-barrunbean sartzen uzten.
- Mintz pituitario horia: usaimen-mukosa bat da eta usaintzeko ekintza egiteko zelulak ditu. 2 cm2-ko hedadura duen arren, hainbat miloi errezeptore ditu. Usaimena hautemateko ahalmen handia du.
- Mintz pituitario gorria: kanpotik sartzen den airea hezetu eta berotzeko funtzioa du.
- Nerbio-adarkadurak: mintz pituitario horiko zeluletako usaimenaren informazioa usaimen-erraboilera arte transmititzen duten nerbioak dira.
- Usaimen-nerbioa: usaimen-informazioa garunera daraman nerbioa da. Ondoren, garunean informazio hori interpretatu egiten da.
Sudur-hobiek arnasten dugun airea tratatu egiten dute, organismoan tenperatura eta hezetasun egokian sar dadin. Arnasten dugun airea hotz eta lehor sartuko balitz, birikak kaltetuko lirateke eta:
- Hezetu: sudur-mukosak litro bat ur jariatzen du egunero, aireari birikek behar duten %95eko hezetasuna emateko.
- Berotu: sudur-mukosak kanpoko airea 35 gradutara berotzen du biriketara sartu aurretik.
Gizakiak mota askotako usainak bereiz ditzake. Hala ere, esaten denez, gizakiak funtsezko zazpi usain bereizten ditu: kanforra, almizklea, lorea (arrosarena), menda, eterra, mikatza (ozpinarena) eta kiratsa. Oinarrizko zazpi usain horiei, mintz pituitarioaren hartzaile berezi bana dagokio, eta haietatik abiatuta gainerako usain guztiak osa daitezke.
Usaimenak beste zentzumenekin alderatuz oroitzapenak azaleratzeko askoz ere gaitasun handiagoa du. Usain batzuek oroimenak pizten dizkigute (txikitako arropa, estalkiak...), beste batzuek dastamena indartzen dute (janari usaina..) eta beste batzuek arriskuen berri ematen digute (ke usaina...). Horrela, neurologoek frogatu dute usaimen-nerbioak eta emozioak kontrolatzen dituen garunaren egitura lotuta daudela, bai eta oroimenarekin zerikusia dutela.
Funtzionamendua
Zenbait substantziek partikulak askatzen dituzte airean. Sudurretik arnasten dugunean, partikula horiek sudur-hobietan sartu eta usaimen-mukosako usaimen-errezeptoreak ukitzen dituzte. Substantzia horiek errezeptoreak ukitzen dituztenean, usaimen-nerbioek informazioa garunera eramaten dute eta bertan interpretatu egiten da.
Pausuz-pausu ikusiko dugu:
- Usaimen-zelulek mintz pituitario horira iristen diren kinadak hautematen dituzte.
- Nerbio-adarkadurek kinadak antzeman eta horiek sortzen dituzten estimuak usaimen-nerbiora eramaten dituzte.
- Azkenik, usaimen-nerbioak garunera bidaltzen du informazioa eta bertan interpretatu egiten da.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License