Gida didaktikoa

Bost zentzumenak, dastamenak, entzumenak, ikusmenak, ukimenak eta usaimenak gure ingurua ezagutzen eta komunikatzen laguntzen digute. Unitate didaktiko hau giza zentzumenak lantzeari bideratuta dago. Zentzumenak mundua hautemateko erabiltzen ditugu, hau da, gure gorputzetik kanpo gertatzen denaz jabetzeko ahalmena eskaintzen digute.

Zentzumen ezagutza barneratzeak hainbat giza organo desberdin ikasteaz gain, bizitzan beharrezkoak diren sentsazioak hautemateko aukera eskaintzen du. Zentzumenak bai norberaren garapen indibidualean eta baita sozialean ere ezinbestekoak dira.

Bost zentzumenen inguruko edukiak bereganatzeko testu eta irudi erakargarriak ditu bidelagun ikasleak. Horrela, barneratu eta proposaturiko jarduerak osatzeko gauza izango da.

Helburu orokorrak

Bost zentzumenak ikasmaterialaren helburu nagusiak ondorengoak dira:

  • Zentzumen-organoen bidez jasotzen diren sentsazioak identifikatzea.
  • Zentzumen organoak zeintzuk diren, atalak identifikatu eta bere zereginak argituz.
  • Ikasleak beren hurbileko inguruarekin harremanean aritzeko gai izatea eta, halaber, kontzientzia kritikoz jardungo duten pertsonak izatea, gero eta zabalagoak izango diren espazio-eremuetan aurrera egiteko.
  • Zentzumenez ohartu eta beraien eginkizun eta garrantziaz jabetzea. Horiek erabiliaz inguruko errealitatea arakatu eta ezagutzea.
  • Giza gorputzaren ezagutzatik ondorioztatzen diren osasun-ohitura eta nork bere burua zaintzeko ohiturekin bat eginez jokatzea; giza gorputzaren aukerak eta mugak errespetatuz, eta banakoen arteko ezberdintasunak (adina, sexua, ezaugarri fisikoak, nortasuna eta abar) onartuz eta errespetatuz.
  • Berezko ezaugarriak dituzten gizarte eta kultura taldeetako kide izatea, onartzea eta aintzat hartzea; norberaren kulturaren ezaugarriak eta gainerako taldeekiko ezberdintasunak balioestea, gainerako identitate, kultura eta herriak errespetatzea, eta Giza Eskubideak errespetatu behar direla gogoratzea.
  • Berezko nortasuna eratzea, norberaren lorpen, esfortzu eta hobetze-motibazioa sustatuko duten estrategien alde eginez, gizaki autonomo eta besteekin harremanean ari den gizartekide gisa garatzeko.

Curriculumaren erreferentziak OCDn

Bost zentzumenak osatzen duen ikasmateriala Lehen Hezkuntzako Natura-, gizarte- eta kultura-ingurunearen ezaguera-alorrean txertatzen da, gure kasuan LH 3. zikloan, hau da, 5. eta 6. mailan hain zuzen.

Hain justu ere, irakasgai hau osatzen duten eduki multzoetatik hirugarrenarekin lotuta dago (Osasuna eta garapen pertsonala: norberaren gorputzaren ezagutzatik abiatuta, arrisku jokabideak saihestu eta jokabide arduratsuak eta bizimodu osasuntsua izateko eta sendotzeko helburua duten ekimenak bultzatzeko ezagutzak, trebetasunak eta abileziak biltzen ditu eduki multzo honek) eta honako puntu hauek ukitzen ditu:

  • Giza gorputzaren funtzionamendua. Anatomia eta fisiologia.
  • Aparatuak eta sistemak.
  • Harremanak (zentzumen-organoak, nerbio-sistema).
  • Bizimodu osasungarriak izatea. Organo eta aparatuak zaintzeari eta mantentzeari buruzko hausnarketa.

Bost zentzumenak ikasmaterialak, hala ere, zeharkako izaera du, lantzen dituen edukiak ikasleak beste gaietan eta bere eguneroko bizitzan erabiltzeko baliagarriak izan daitezkeelakoan.

Ikasmaterial honek gaitasun hauek garatzen laguntzen du:

  • Zientzia-, teknologia- eta osasun-kultura eskuratzeko gaitasuna.
  • Ikasten ikasteko gaitasuna.
  • Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
  • Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna.
  • Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna.
  • Giza eta arte-kulturarako gaitasuna.
  • Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.

Materialak erabiltzeko testuinguru metodologikoa

Bost zentzumenak ikasmaterialaren xede nagusia irakasgaiaren laguntzaile zuzena izatea da, hau da, edukien lehen sarrera baten ondoren guztia era praktiko batean garatzea ahalbidetzen duen erreminta da. Honela, ikasleak ikastordutan jasotako kontzeptu teorikoak sakondu eta era praktikoan landuko ditu. Horrekin guztiarekin, irakasleentzat eta ikaslearentzat erabat erabilgarria den kalitatezko tresna bihurtzen da.

Oinarria interaktibitatea eta elkarreragiketa dugu, ikasleentzako erakargarria eta motibagarria izan dadin eduki ezberdinen arteko lotura eta nabigazioa ahalbidetzen baitu eta horrez gainera, ikasitako eduki teoriko guztiak garatu eta ikasleak autonomiaz lan egiteko aukera eskaintzen du.

Horrekin guztiarekin, ikasleak Natura-, gizarte- eta kultura-ingurunearen ezaguera alorrarekiko duen interesa eta motibazio-maila areagotuko du, bere egunerokotasunean eta errealitatean hain erabiliak diren kontzeptuak eta ezagutzak garatzeko aukera duelako era atseginean eta entretenigarrian eta, betiere, kalitatezko edukiekin.

Bost zentzumenak hezkuntzan erabiltzearen abantailak honako hauek dira:

  • Ikaslea protagonista bihurtzen da.
  • Ikaslearen motibazioa areagotzen da.
  • Ikaslearen autonomia, independentzia eta ardura bultzatzen du.
  • Informazioaren partekatzea sustatzen du.
  • Ikasleen arteko talde-lana piztu eta parte-hartzea bultzatzen du.
  • Ikasleen idazkera eta adierazpena garatzen ditu.
  • Ikaslea teknologia berrietan murgiltzen da eta gaurkotasunera moldatzen du.
  • Ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa areagotzen du.
  • Ikasteko modu berriak eskaintzen ditu.
  • Sormena eta berrikuntza sustatzen ditu.

Barne-egitura eta nabigazioa

Bost zentzumenak ikasmaterialaren abiapuntua eduki ezberdinen arteko nabigazioa eta interaktibitatea da. Horrela, ikasleak gehien interesatzen zaion informazioan zehar nabigatzeko aukera du, atal guztiak elkarren artean elkarloturik baitaude. Ikasleak zentzumenekin loturiko ezagutzan murgilduko dira beraientzako oso erabilgarriak diren jakintza eta kontzeptuak eskuratuz. Baina aldi berean, elkarreragiketarako aukera bideratzen du, ikasmateriala alde teorikoa eta praktikoa uztartzen dituen unitateetan banatuta baitago:

  • Batetik, gizakien bost zentzumenen inguruko teoria dago: bost zentzumenak identifikatzen dituen sarrera baten ondoren, zentzumen bakoitza sakon eta zehatz azalduak daude. Zentzumen bakoitza ondorengo ataletan banatuta dago: zentzumenaren definizio labur bat; organoa eta bere funtzionamendua; gaixotasunak eta horiek saihesteko aholkuak eta, azkenik, zentzumen horri lotutako hainbat bitxikeria. Nolanahi ere alde teorikoa irudi eta informazio gehigarriz osaturik dago.
  • Bestetik, ikasitako kontzeptu eta prozedurak era praktikoan lantzeko jarduerak daude. Edukiak noraino ulertu diren ikusteko modu egokiak eta berehalakoak dira. Jardueren bidez ikasleak, autoebaluaziorako aukera paregabea du beti, modu entretenigarrian. Erabiltzaileak jardueretan hamar galderez osatutako testak, gurutzegramak, bikoteak osatzeko ariketak eta talde-dinamikak aurkituko ditu.

Erabiltzaileak une oro eskuragarri ditu ezkerraldeko menu-barran Bibliografia, Glosategia, Lotura interesgarriak, Laguntza eta Mapa Kontzeptuala bezalako informazio gehigarriak. Azken horren bitartez, ikasleak zentzumen bakoitzeko eduki teoriko eta praktikoetan sartzeko aukera du.

Bibliografia

Kontsultatzeko beste lan batzuk gomendatzen dira.

Laguntza

Ikasmateriala erabiltzeko erabiltzaileari beharrezkoak zaizkion azalpenak biltzen ditu.

Glosategia

Bost zentzumenei buruzko kontzeptu eta terminoen definizio argiak eta didaktikoak.

Kredituak

  • Ideia eta edukiak: Leire Mitxelena Erice eta Idoia Urkiri Azkoitia
  • Diseinua eta garapena: Allende Múgica Jaime
  • Koordinazioa: Iñaki Arrieta Baro
Eskerrik beroenak eman nahi ditugu eitb.com eta Eureka! zientzia museoak emandako laguntzarengatik

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License