Organoa

Dastamenaren organo nagusia mihia da. Mihia, muskulu lodi bat da, mintz mukoso batez estalia eta oso mugikorra. Elikagaiak irenstean, hizketan eta dastamenean funtsezko betekizunak ditu. Horrela, honako hauek dira mihiak betetzen dituen hiru funtzio nagusiak:

  1. Zaporeak hauteman.
  2. Digestio prozesuetan janariak irensten lagundu.
  3. Fonazioan irteten diren hotsen ebakera modulatzea.

Mihiak tontor txiki asko ditu, papilak alegia. Horiek, betetzen dituzten funtzioen arabera, dastamen-papilak edo ukimen-papilak izan daitezke. Dastamen-papilak jaten ditugun elikagaien zaporea antzemateaz arduratzen dira. Mihi osoan zehar daude papilak eta eremuaren arabera lau zapore bereizten dituzte:

  1. Gozoa: mihiaren puntan antzematen da. Azukrearen edo eztiaren zaporea duena da, mingots edo gaziaren aurkakoa.
  2. Gazia: mihiaren aurreko zatiko bi aldeetan antzematen da. Janariei buruz bereziki, gatz asko dutenak dira.
  3. Garratza: mihiaren bi alboetan antzematen da. Ahoan zapore latz edo mina eragiten edo sentiarazten duena da. Jakiei dagokionez orokorrean, zitrikoen familiako fruta batzuk, hartzitutako esnekiren batzuk, ozpina... dira.
  4. Mingotsa: mihiaren atzeko zatian antzematen da. Behazunarena bezalako zapore ezatsegina duena da.

Mihiaren erdialdean ez daude ia zapore errezeptorerik, zaporea sentitzeko gai ez den zona da.

Esan behar da, dastamen-papila gehienak mihian daudela multzokaturik baina badirela dastamen-papilak, kopuru txikiagoan, ahosabai bigunean, amigdaletan, laringean eta faringean ere

Oinarrizko lau zapore horiek konbinatuta hainbat zapore ezberdin hauteman ditzakegu. Gainera bosgarren zaporea izan daitekeen dastamen-errezeptore batzuk identifikatu dira: umamia, sodio glutamatoaren detekzioari dagokion zaporea, alegia. Zapore hori proteina asko dituzten janarietan aurki dezakegu: ekialdeko sukaldaritzan adibidez ohikoa da umamia zaporea, bertako soja-saltsetan batez ere. Horietaz gain, gaur egungo ikerketa batzuk diotenez, seigarren zapore baten errezeptoreak ere baditu giza mihiak, gantz-azidoen zaporea nabaritzeko alegia.

Funtzionamendua

Listuarekin disolbaturiko substantziak dastamen-papiletara iristen dira. Horiek zaporeak bereizten dituzte eta dastamen-nerbioen bidez, jasotako sentimena garunera iristen da.

Ikus dezagun dastamen-zentzumenaren funtzionamendua pausuz pausu:

  1. Janariek dituzten substantzia kimikoak listuan disolbatzen dira mastekatze eta irenste prozesuan, eta molekula horiek dastamen-errezeptorea estimulatzen dute.
  2. Ondoren, dastamen-errezeptoreak nerbio-bulkadak transmititzen ditu nerbio-zuntzen bitartez. Nerbio-zuntz horiek usaimenarekin zerikusia duen burmuin-azaleko gunearekin konektaturik daude.
  3. Zaporeari buruzko informazioa, burmuinazalean ez ezik, sistema linbikora ere iristen da eta bertan zaporea emozioekin, oroitzapenekin eta sentimenduekin lotzen da; funtzio horrek organismoari bizirik irauten laguntzen dio, dastamenak dastatzen diren substantziak onak edo txarrak diren gogoratzeko prozesua martxan jartzen baitu.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License