Gaixotasunak
Honako hauek dira, ukimenaren gaixotasun edo anomalien artean ohikoenak:
- Erredurak: suak edo gai erregarri batek larruazalean egiten duen zauria da.
- Dermatitis: dermatitis atopikoa (ekzema atopikoa ere esaten zaio) azaleko gaitzik ohikoenetakoa da. Bere izaera kronikoagatik, prebentzioa da gaixotasuna tratatzeko modurik onena, gaitzari aurrea hartuz bakarrik saihestu ahal izango baitugu hain desatseginak diren dermatitis krisiak agertzea.
- Aknea: epidermisaren azpian dauden gantz guruinei eragiten dien larruazaleko gaixotasuna da. Guruin horiek folikuluen bidez poroekin konektatuak daude eta substantzia koipetsu bat jariatzen dute. Folikuluan zehar ileak hazi eta zelula hilak garraiatzen dira. Hiru substantzia horiek elkartu eta poroa taponatzen badute, aknea azaleratzen da.
Larruazalari loturiko gaixotasunez arduratzen den medizina-espezialitatea Dermatologia da.
Aholkuak
Larruazalak zainketa berezi batzuk behar ditu. Ona hemen zenbait aholku larruazala garbi eta osasuntsu mantentzeko:
- Egun eguzkitsuetan, eguzki izpietatik babesteko eguzki-krema eman behar da, betiere bakoitzaren larruazal-motaren araberakoa aukeratuz.
- Eguna hondartzan, igerilekuan, mendian… pasatu behar badugu eguzkitako betaurreko egokiak erabiliko ditugu. Eguzkipean denbora gehiegi ez egotea ere garrantzitsua da. Eguzkiak indartsu jotzen duenean, eguerdiko hamabietatik arratsaldeko laurak arte, itzaletan egoten saiatu.
- Garrantzitsua da dieta osasuntsua eta orekatua mantentzea. Horrela, larruazalaren zelulek beren propietateak mantendu ahal izateko adina mantenugai izango dituzte.
- Azala egunero garbitu behar da. Egunero dutxatzen bagara, gure azalarentzat egokiena den xaboia aukeratu behar dugu.
- Larruazala hidratatuta mantendu behar da: gomendagarria da udan nahiz neguan, egarria eduki edo ez, ura edatea.
- Larruazalean anomaliaren bat antzematen badugu, hala nola, mantxak edo kolorez aldatu edo handitzen diren orinak... joan lehenbailehen sendagilearengana.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License